ZientziaKlik: Kultura Zientifikoko ekimenak klik batean
AGENDA
-
(Ekitaldi ibiltaria)
-
(Ekitaldi ibiltaria)
ar.
6
urr.
| Al | Ar | Az | Og | Or | La | Ig |
|---|
-
(Tolosa)
-
(Donostia / San Sebastián)
-
(Donostia / San Sebastián)
EKIMENEN MAPA
Albiste aipagarriak
Bilbo
05 Urria
Zientzia Astean ikastetxeetako taldeetarako izen-ematea urriaren 5ean ireki da. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatzen du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Aste hau, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean.
Zientzia Astearen 26. edizioko programazioa Zientzia Astea | EHU Zientzia Astea webgunean eskuragarri dago. Aktibitateak azaroaren 3tik 8ra bitartean egingo dira hiru hiriburuetan, zehatzago esanda, Bilboko Bizkaia Aretoan, VitoriaGasteizko Bibat Museoan, Donostiako Tabakaleran, eta Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikoan.
Lau egoitzetan, txokoak egongo dira eta ikastetxeetarako ibilbide pedagogikoak antolatu dira. Ibilbide horietan, txokoetako adituek gidatutako esperimentuak, jolasak, erakustaldiak eta abar garatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz, modu erraz, entretenigarri eta ulergarrian, ikasleak zientzia eta teknologia mundura hurbiltzeko asmoz. Taldeak 15 ikasle baino gutxiagokoak izan behar dira.
Ikasle taldeen bisitak azaroaren 3, 4, 5 eta 6an egin ahal izango dira Bilbon eta Barakaldon, eta azaroaren 4, 5 eta 6an Donostian eta Vitoria-Gasteizen.
Gainera, Zientzia Astean ohikoa den bezala, Argazki Geologikoen XVIII. Lehiaketa antolatu dugu, ikasleek bidalitako argazkirik onenak saritzeko (lehiaketaren oinarriak Zientzia Astearen webgunean).
Ikastetxeetako aktibitate guztiak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikaslegoarentzat zuzenduak dira. Izen ematea Zientzia Astea | EHU Zientzia Astea webgunean egin behar da. Bertan aurkituko duzue Zientzia Asteari buruzko informazio zabala ere. https://zientzia-astea.eus/eu/izena-emateko-formularioa-ikastetxeak-txokoak/
Gogoan izan, erreserbak egiteko hurrenkera kontuan hartuko dela. Edozein zalantza izanez gero, argibideak 946 017 666 telefonoan emango dizkizuete, 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara, astelehenetik ostegunera, eta 9:00etatik 14:00etara ostiraletan.
Tolosa
05 Urria
Ba al dakizu zein diren piperren etsai nagusiak? Babarruna bezain produktu tradizional bat etorkizuneko funtsezko elikagai bihurtu al daiteke? Zer lotura dago gazta on baten eta larreen kalitatearen artean?
Zientzia ere badago astero merkatuan aurkitzen ditugun produktu askoren artean. Ezagutza hori herritarrengana hurbiltzeko, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Tolosako Udalak “Zientzia azokan” dibulgazio-ekimena jarri dute martxan. Egitasmoak erakusketa ibiltari bat, hitzaldiak eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa eta tailer bat izango ditu.
Jarduera urriaren 5etik 19ra egingo da Tolosako hainbat gunetan, hala nola Triangulo plazan, Zerkausian eta TOPIC zentroan, Tolosako azaroko azoka berezi handien atarian.
Merkatuko zientzia, zazpi infografia handitan
Urriaren 5etik 19ra, Triangulo plazak “Zientzia azokan” erakusketa ibiltaria hartuko du. Zazpi infografiek osatzen dute erakusketa, euskaraz eta gaztelaniaz daude eginda eta formatu handikoak dira. Gure merkatuetan ohikoak diren produktuen atzean dagoen zientzia erakustea dute helburu. Batzuk astero aurki daitezkeenak dira (ogia, jogurta), besteak sasoikoak: gazta, babarruna, piperra, tomatea eta fruta.
Kaleko erakusketak elikagai horiekin lotutako hainbat gai zientifikoko jorratzen ditu, eta ezagutza hori herritarengana hurbiltzea du helburu. Infografiak paneletan dauden QR kodeen bidez eta katedra.eus webgunearen bitartez ere deskargatu ahal izango dira. Eduki horietan oinarrituta, Tolosako hainbat ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 6. mailatik gorako ikasleei zuzendutako lehiaketa bat ere antolatuko da.
Gainera, Tolosako azokako Zerkausia gune historikoan larunbatero dauden hainbat postutako ekoizleek erakusketaren edukiak jasotzen dituzten diptikoak banatuko dizkiete merkatuan erosketak egitera datozenei.
“Zientzia azokan” EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren dibulgazio-proiektua da, Euskampus Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntzarekin.
Piperraren, babarrunaren eta gaztaren zientziari buruzko hiru hitzaldi
Urriaren 6tik 8ra, TOPIC zentroak hiru hitzaldi hartuko ditu, lurraldearekin lotura estua duten produktuen inguruko hainbat ikerketa herritarrengana hurbiltzeko. Besteak beste, Ibarrako piparra, Gernikako piperra, Tolosako babarruna eta Idiazabal gazta izango dituzte hizpide. Hitzaldiak agrobiologiaren, botanikaren eta gastronomia-zientzien arloko profesionalek eskainiko dituzte.
Urriaren 6an, asteartean, Mikel Ojinaga (NEIKER) ingurumen-agrobiologoak emango dio hasiera hitzaldi-zikloari. Ojinaga piperraren etsai nagusiei buruz hitz egingo du, lurzoruko onddoei eta birusei buruz.
Hurrengo egunean, urriaren 7an, asteazkenean, Shuyana Deba (Leartiker) gastrozientzialariaren txanda izango da. Bere hitzaldian, belaunaldiz belaunaldi gure mahaietan presente dagoen babarruna elikagai tradizionala ote den edo, aitzitik, etorkizunean funtsezko elikagai bihurtzeko ahalmena ote duen planteatuko du.
Hitzaldi-zikloa urriaren 8an, ostegunean, amaituko da Arantza Aldezabal (EHU) biologoaren eskutik. Saioan, larre eta belardien zaintzaren eta kalitatezko gaztaren artean dagoen lotura azalduko du.
Hiru hitzaldiak 19:00etan hasiko dira, sarrera librea izango da edukiera bete arte, eta euskaraz eskainiko dira. Bertaratu ezin direnek hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte Katedratik EHUko Kultura Zientifkoko Katedraren TikTok kanalean. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hitzaldien egitaraua.
Gazta nola egiten den ezagutzeko haurrentzako tailerra
Programazioak urriaren 15ean, ostegunean, jarraituko du. Arratsaldeko 17:30ean, Idiazabalgo Aranburu Gaztandengiko Olatz Aranburu ingeniari agronomoak Lehen Hezkuntzako 6. mailatik gorako ikasleei zuzendutako tailerra egingo du Tolosako Kultur Etxean. Tailerra Tolosako Gazte Topagunearekin batera antolatuko da.
Jardueran, Olatz Aranburuk gazta egiteko prozesuaren lehen urratsak azalduko ditu eta gazte egiten hasiko da gaztetxoekin batera. Tailerrean parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da Tolosako Gazte Topagunean.
Donostia-San Sebastián
02 Urria
Kapsula Kuantikoa gaur abiatu da Donostian, Euskadiko ibilbideari ekinez, fisika eta teknologia kuantikoak herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren programa ibiltari berriak Euskadiko 147 herri bisitatuko ditu datozen bederatzi hilabeteetan, adin eta profil guztietako pertsonentzat prestatutako ekimen murgiltzaile, interaktibo eta irisgarri baten bidez.
Inaugurazio-ekitaldia Ibaeta campusean egin da, Milia Kuantikoaren bihotzean, eta bertan izan dira Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias, Donostiako alkate Jon Insausti, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza eta Berrikuntzako zuzendari Maialen Agirre.
Ekitaldian, Pérez Iglesiasek ezagutza zientifikoa herritarrengana hurbiltzearen garrantzia nabarmendu du, bereziki zientzia eta teknologia kuantikoarena, eguneroko esperientziatik urrun dauden diziplinak baitira. “Zientzia kuantikoa gure bizitzetan nonahi dago, eta etorkizunean are gehiago izango da; beraz, oso garrantzitsua da bere oinarrizko kontzeptuekiko nolabaiteko ezagutza izatea”, adierazi du sailburuak.
Ildo beretik, honako hau adierazi du: “gizarte baten garapen zientifikoak bere oinarrizko postulatuen ulermen-maila jakin batekin batera joan behar du, baita zientziaren aurrerapenen eta aukera teknologikoen ezagutzarekin ere”. Halaber, Kapsula Kuantikoaren izaera ibiltaria azpimarratu du, kultura zientifikoa dibulgazio-jarduerak normalean iristen ez diren leku eta gizarte-sektoreetara hurbiltzeko aukera ematen duelako.
Proiektua gero eta presenteago dagoen errealitate batetik abiatzen da: fisika kuantikoa gure eguneroko bizitzaren parte da, uste duguna baino askoz gehiago. Egunero erabiltzen ditugun teknologien oinarrian dago, hala nola laserretan edo kokapen-sistemetan, eta datozen urteetan gure bizitza eraldatu dezaketen aurrerapen teknologiko batzuetan ere funtsezkoa izango da.
Euskadik aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu alor horretan Basque Quantum estrategiaren bidez. Estrategia horri esker, zientzia eta teknologia kuantikoen inguruko gaitasun zientifikoak, teknologikoak eta talentua garatzen eta indartzen ari dira. Apustu horrek erreferentziazko azpiegitura bat ere badu Donostian: IBM Quantum System Two, gaur Kapsula Kuantikoa aurkeztu den lekutik oso gertu dagoena eta Europan mota horretako lehen sistema operatiboa dena.
Hain zuzen ere, azpiegitura horren eta Kapsula Kuantikoaren abiapuntuaren arteko gertutasunak programaren helburuetako bat sinbolizatzen du: Euskadiko orainaren parte den errealitate zientifiko eta teknologikoa herritarrengana eramatea.
Unitate mugikorra kuantika lurralde osora hurbiltzeko
Unitate mugikorra Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako udalerri askotan izango da datozen bederatzi hilabeteetan, eta adin eta profil askotako pertsonek izango dute esperientzia bizitzeko aukera. Programak ikus-entzunezko baliabideak, instalazio interaktiboak eta publiko desberdinetara egokitutako edukiak erabiltzen ditu, kuantika zer den, nola garatu den eta etorkizunerako zer aukera eskaintzen dituen modu erraz eta erakargarrian ezagutzeko.
Barruan, bisitariek fisika kuantikoaren oinarrizko printzipioetako batzuk ezagutzeko aukera izango dute, haren garapena markatu duten mugarriak ezagutuko dituzte eta eguneroko bizitzan dagoeneko presente dauden aplikazioak aurkituko dituzte.
Esperientziak, halaber, Euskadirentzat IBM Quantum System Two bezalako azpiegitura bat izateak zer suposatzen duen hobeto ezagutzeko eta konputazio kuantikoak hainbat arlotan eskaintzen dituen aplikazioak aztertzeko balioko du, besteak beste, ikerketa zientifikoan, osasunean, materialen arloan, energian eta komunikazioetan.
Publiko guztientzako programa
Kapsula Kuantikoak dibulgazio zientifikoa adina, prestakuntza edo bizilekua edozein dela ere eskuragarri izatea du helburu, eta arreta berezia eskainiko die mota horretako jardueretan parte hartzeko oztopo handiagoak dituzten pertsona eta kolektiboei.
Esperientzia bi modalitatetan izango da. Alde batetik, taldeentzako bisitak antolatuko dira, aldez aurretik erreserba eginda, bereziki ikastetxeei, aisialdiko elkarteei eta behar espezifikoak dituzten kolektiboekin lan egiten duten erakundeei zuzenduta. Bestetik, unitate mugikorrak sarbide libreko saioak eskainiko ditu, edonork fisika kuantikoa modu hurbil, ulergarri eta parte-hartzailean ezagutzeko aukera izan dezan.
Kapsula Kuantikoaren ibilbidea Donostian hasi da; Saguesen egongo da zabalik herritarrentzat urriaren 3an, 6an eta 7an. Hurrengo geralekua Errenteria izango da eta ondoren Gipuzkoako 50 udalerri baino gehiagotara iritsiko da, Irun bezalako udalerri handietara zein Berastegi bezalako txikiagoetara.
Unitate mugikorra gabonetan iritsiko da Bilbora eta urtarriletik aurrera Bizkaian barrena ibiliko da. Ibilbidearen azken hilabeteak Araban egingo ditu: ekainaren erdialdean Gasteizera iritsiko da, eta 2027ko uztaileko lehen astean amaituko du ibilbidea Iruña Okan.
Egutegia, unitate mugikorrak bisitatuko dituen herriak eta programari buruzko informazio guztia Zientzia Klik zientzia-kulturaren agendan (zientziaklik.euskadi.eus) kontsultatu ahal izango dira, baita haren Instagram kontuan ere. Bertan, ibilbidea #KapsulaKuantikoa traolaren bidez jarraitu ahal izango da.
BAT EGIN GURE NEWSLETTER-AREKIN
Gure boletinera harpidetu nobedadeak posta elektronikoan jasotzeko.





