ZientziaKlik: Kultura Zientifikoko ekimenak klik batean
AGENDA
-
(Zarautz)
-
(Bergara)
al.
13
api.
| Al | Ar | Az | Og | Or | La | Ig |
|---|
-
(Bergara)
EKIMENEN MAPA
Albiste aipagarriak
Zarautz
01 Apirila
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek “Bi ilunabarren eguna” erakusketa inauguratu du gaur goizean inauguratu du Zarauzko Ama Lur plazan. Dibulgazio-ekimen honek datorren abuztuaren 12an Euskadin ikusgai izango den eguzki-eklipse osoa du ardatz.
Erakusketa ilustrazio zientifikoek osatzen dute, eta astronomia-fenomeno hori modu didaktikoan, eskuragarrian eta erakargarrian publiko guztiei hurbiltzeko diseinatuta dago, herritarrak eklipsea ulertzera eta gozatzera gonbidatuz.
Inaugurazio-ekitaldian izan dira, halaber, Jesús Arana Gómez, Zarauzko alkate jardunekoa; Ana Belén Juaristi, ZarautzOn elkarteko presidentea; Virginia García, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia taldeko kidea. Bi erakundeak Jakindariko kide dira eta dibulgazio-programan parte hartzen dute.
13 udalerritan barrena bost hilabetean
Erakusketa dibulgazio zientifikoko jarduera-programa ibiltari baten parte da, eta zientzia Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutara eramango du. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimen honek Jakindari aliantzako 20 erakunde baino gehiagoren lankidetza du; horien artean daude Donostia International Physics Center (DIPC) eta Aranzadi, erakusketaren sorkuntzan parte hartu dutenak.
Guztira 13 udalerritako plaza, parke edo kultur guneetan izango da ikusgai. Zarautzen egon ondoren, erakusketa osatzen duten lau totemak, Beasain, Zalla, Donostia, Bergara, Durangaldea, Bilbo, Barakaldo, Gasteiz, Añana, Gaubea, Bastida, Lapuebla de Labarca eta Guardian izango dira ikusgai, fenomeno astronomiko hau publiko zabalari hurbiltzeko.
Adin eta publiko guztietarako jarduerak
Programa jarduera osagarri ugarirekin osatzen da, Jakindariko erakundeen inplikazioari esker. Besteak beste, dibulgazio-hitzaldiak, haur, gazte eta helduentzako tailerrak, bisita gidatuak, behaketa astronomikoak eta ipuin-kontalari saioak antolatuko dira.
Jarduera horiei buruzko informazio guztia eklipsea.euskadi.eus webgune ofizialean dago eskuragarri. Bertan, gainera, dibulgazio-edukiak, eklipsea behatzeko aholku praktikoak, intereseko estekak eta baliabide multimediak aurki daitezke.
Ekimen hauen guztien helburua da jakin-min zientifikoa txikitatik sustatzea eta eklipseen fenomenoa, eta bereziki abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa, hobeto ulertzeko tresnak eskaintzea.
Jakinaldia 2026: eklipsearen festa
Programaren une nabarmenetako bat Jakinaldia, 2026 jaialdia, izango da ekainaren 20an, larunbata, arratsaldez Gasteizko Matxete plazan ospatuko dena. Herritar guztiei irekitako jaialdiak egitarau oparoa izango du: haurrentzako ikuskizunak, tailer zientifikoak, bakarrizketak, arte eszenikoak eta gaueko behaketa. Jakinaldia aukera bikaina izango da elkarrekin ikasi, partekatu eta azken urteetako fenomeno astronomikorik esanguratsuenetako baten aitzakian gozatzeko.
Jakindariri buruz
2025ean Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sortua, Jakindari Euskal Autonomia Erkidegoko kultura zientifikoaren aldeko erakundeen aliantza da, eta dagoeneko 70 kide baino gehiago ditu. Bere helburu nagusia da erakundeen arteko ahaleginak batzea, ezagutza zientifikoa lurralde osora zabaltzeko, jarduera bateratuak sustatuz eta jardunbide egokiak partekatuz.
2026ko dibulgazio-programan, abuztuko eguzki-eklipsean oinarrituta, Jakindariko 20 erakundek parte hartu dute: Aranzadi Zientzia Elkartea, DIPC, ZarautzOn, Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoia, Betelgeuse Enkarterrietako Astronomia Elkartea, Tabakalera, Euskal Herriko Unibertsitatea-EHU, Kutxa Fundazioa, Polymat, Laboratorium Zientzia Museoa, Bixenta Mogel liburutegia, Izarra Astronomia Elkartea, Norarte, Abadiñoko Udala, Logos Elkartea, Astrobizkaia, Barakaldoko Udala, Arabako Natura Zientzien Museoa, CEA-Ingurugiro Gaietarako Ikastegia eta Arabako Astronomia Elkartea.
Horiez gain, erakusketa Arabako beste hainbat lekutara iristeko ahaleginetan beste erakunde batzuek ere parte hartu dute, hala nola Gasteizko Udaleko Herritartasun Eskolak, Añanako Gatz Haranaren Fundazioak, Lapuebla de Labarca eta Guardiako udalek eta Gaubeako turismo-bulegoak.
26 Martxoa
Plastiko-kutsadura gaur egungo ingurumen-erronka nagusietako bat da, itsas, ibai eta lurreko ekosistemetan eragiten duena. PLASTIMPACT sare tematiko europarrak, ENLIGHT unibertsitateen aliantzak bultzatuta, diziplinarteko komunitate bat sortzea du helburu: zientzialariak, herritarrak, gizarte-eragileak eta hezkuntza-zentroak elkartuz arazo honi modu bateratuan heltzeko.
Euskal Herrian, PLASTIMPACTen herritarren zientziaren jardueratan, herritarrek makroplastikoen laginketan parte hartuko dute, eta bigarren hezkuntzako ikasleek mikroplastikoen laginketa eta analisian arituko dira hondartzetan. Horretarako, proiekturako bereziki diseinatutako hezkuntza-materialarekin lagundutako prestakuntza eskainiko da, baita eduki digitalak ere, arazoaren dimentsioa eta plastikoen ingurumen-monitorizazioaren garrantzia hobeto ulertzeko.
Bildutako hondakinak Europako metodologia bateratuen arabera sailkatuko dira, ENLIGHT sareko herrialdeen arteko datu konparagarriak sortzeko.
Izen-ematea apirilaren 13ra arte egongo da zabalik. Eskabide kopurua edukiera baino handiagoa bada, izen-emateko hurrenkera hartuko da kontuan. Parte-hartzea apirilaren amaieran berretsiko da.
Laginketak maiatzetik uztailera egingo dira, Euskal kostaldeko hondartza batean edo bitan. Data zehatzak laster jakinaraziko dira.
26 Martxoa
Arantzazu Luzarraga Iturrioz Arkitekturan doktorea eta paisajista da, baita EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan irakasle eta ikertzailea ere. Bere lanaren helburua da gizartearen beharretara egokitzen den hiri-diseinua bultzatzea, naturak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuz.
EHUpodcasten zazpigarren atal honetan, arkitekto bizkaitarrak natura eta teknologia uztartzen dituen hiri-diseinu jasangarria defendatu du. Euri-lorategietatik hasi eta 3-30-300 arau ezaguneraino, azaldu du naturaren soluzioetan oinarritutako diseinu jasangarriak gizartea nola kohesionatu dezakeen. Era berean, memoria kolektiboa zaintzearen garrantzia aldarrikatu du, eta argitu du teknofosilak zer diren.
Euri-lorategiak eta altzariak hiri-oasiak sortzeko
Luzarragaren lanaren ardatz nagusia teknologia eta natura uztartzean datza, gaur egungo gizarte- eta ingurumen-beharrei erantzuteko. Horren adibide da Juan Sadabarekin batera Ekopol ikerketa taldean garatutako Urban Oasis proiektua, sektoreko enpresekin elkarlanean. Hiri-altzariak eta euri-lorategien diseinua uztartzen duen ekimen honek naturaren funtzionamenduan oinarritzen da hirian espazio atseginak eta freskoak sortzeko xedearekin. Euri-lorategi bat lurreko sakonune txiki bat da, euri-ura jaso, kutsatzaileak iragazi eta lurpeko ura kargatzeko diseinatua. “Gure prototipoak forma zirkularra du, jendea elkarrekin esertzera eta giro freskoago batean egotera gonbidatzeko", azaldu du Luzarragak. Prototipo hau Getxoko kale batean probatzen ari dira, eta helburua da hirietako uholde puntualak murriztea, "hormigoizko azala" zulatu eta lurrari bere ziklo naturala berreskuratzen laguntzen zaion bitartean.
Hirigintza parte-hartzailea eta 3-30-300 araua
Elkarrizketan zehar, arkitektoak hirigintza inklusiboaren eta gizarte-kohesioaren garrantzia azpimarratu du. Luzarragak defendatzen duen ereduak 3-30-300 araua du helburu: Etxetik 3 zuhaitz ikustea; auzoan %30eko zuhaitz-estaldura izatea, eta etxetik 300 metrora parke publiko bat izatea. Gaur egun, Balmasedako gaztelurako igoera diseinatzen ari da Urtzi Llanorekin batera, ondare kulturala eta paisaia uztartuz, eta betiere herritarren parte-hartzea bilatuz.
Teknofosilak eta industriaren memoria
Luzarragak bere alderdi esperimentalena ere erakutsi du elkarrizketan, bereziki Ostutako Paisaiak. Antropozenoaren aztarnak euskal kostaldean proiektuaren bidez (2022ko CAF-Elhuyar sorkuntza bekaren irabazlea). Ikerketa honek Bizkaiko kostaldeko industria-aztarnak kartografiatzen ditu, "teknofosilak" deiturikoak aztertuz: gizakiak sortutako eta erregistro geologikoan geratu diren materialak (plastikoak, metalak, hondakin industrialak). Ikerlariaren ustez, aztarna horiek ezabatu beharrean (hondartzetan hare zuri artifiziala botata, adibidez), gertatutakoa ulertzeko eta memoria historikoa gordetzeko baliatu beharko lirateke.
EHUpodcast: zientzia entzungai
“Entzun ta zabal zazu” lelopean, EHUpodcast Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) plataforma da. Helburu nagusia da ezagutza zientifikoa gizartera hurbiltzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta publiko orokorraren jakin-mina piztea. Hileroko proiektu hau Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak bultzatu du, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen laguntzarekin. Elkarrizketak Tania Arriaga irakasleak koordinatu eta aurkezten ditu, Bitartez ikerketa-taldearen inplikazioarekin. Podcastak euskaraz edo gaztelaniaz egiten dira, eta transkripzioak ingelesera ere itzulita eskaintzen dira, edonork eduki horietara sarbidea izan dezan.
Dagoeneko entzungai ohiko plataformetan, EHUpodcasten, eta Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren web orrian.
BAT EGIN GURE NEWSLETTER-AREKIN
Gure boletinera harpidetu nobedadeak posta elektronikoan jasotzeko.





