10.400 pertsona baino gehiago EHUko Ikertzaileen Europako Gauean

10.400 pertsona baino gehiago EHUko Ikertzaileen Europako Gauean

2025eko irailak 30
Bilbo

Ekimenak EHUko lan zientifikoa eta honen onura sozialak ezagutarazi zituen, bokazio zientifikoa sustatuz, bereziki emakumeen artean

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Ikertzaileen Europako Gauaren edizio arrakastatsua ospatu du. Ekitaldia irailaren 26an egin zen Bilbon eta Barakaldon, eta 10.500 pertsona inguru bildu ziren zientziaren dibulgazioarekiko eta berrikuntzarekiko interes gero eta handiagoa erakutsiz.


 

Gotzone Barandika, EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordearen hitzetan, ”ekitaldi honek Europako ikertzaile-komunitatea ospatzen du, eta 2005az geroztik, zientzia eta ikerketa hurbildu dizkie milaka herritarri. Unibertsitateak eta gure laborategiak zabaltzeko unea da, egiten duguna erakusteko eta, batez ere, partekatzeko”.

Bilbo, ikerketaren erakusleiho nagusi, 7.400 lagun baino gehiagorekin

Bilboko Areatzako kaia izan zen, beste behin ere, zientziaren eta jakin-minaren erdigunea. 7.400 pertsona  baino gehiago hurbildu ziren, arratsaldeko 17:00etatik gaueko 21:30era, irekitako 35 zientzia-txokoetan parte hartzera. EHUko 201 ikertzailek beren laborategiak kalera eraman zituzten, publikoarekin modu zuzen eta dibertigarrian elkarreraginez.

Txokoetara hurbildu zirenek punta-puntako ikerketa-lerroak ezagutzeko aukera eduki zuten, hala nola:energia garbien sorkuntza eta klima-aldaketara egokitzeko irtenbideak, nanoimanen bidez gaixotasunak detektatu eta tratatzeko teknikak, euskarazko adimen artifizialaren garapena, ozeanoen osasuna eta hondakin plastikoen kudeaketa eta elikadura jasangarria eta lurzoruaren osasuna, eta beste asko.

Zientzilari bihurtzeko bidea deskubritzeko tartea ere izan zen. Horretarako, #SheMentoring txokoak arrakasta nabarmena izan zuen. "Kalean aurki ditzakezun ikertzaileak" lelopean, emakume zientzialariek beren esperientzia partekatu zuten gazteekin, ikerketa-karrerak eredu eta inspirazio bihurtuz. Gainera, MSCA Actions (Marie Sklodowska-Curie Ekintzak) txokoan, programa horretako jatorri ezberdinetako ikertzaileek neurozientziaren eta ingeniaritzaren arloan gizartean eragin zuzena duten beren proiektuak aurkeztu zituzten.

Bizkaia Aretoan, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko kideek antolatutako behaketa astronomikoa bertan behera geratu zen Almeriako Calar Alto behatokiaren egoera klimatologikoagatik.

OREgaua: Erronka klimatikoa eta energia berriztagarriak Barakaldon

OREgauak 3.000 pertsona baino gehiago erakarri zituen Barakaldoko Lasesarre Kiroldegian. Klima-erronka eta itsas energia berriztagarriak izan ziren protagonista. Taldeek bi ordu inguruko 40 esperimentu eta tailer zientifiko baino gehiagotan parte hartu zuten. Aukera zabala izan zen, besteak beste, misioen simulazioak dronen hegaldiekin, itsaspeko roboten erabilera eta lehiaketa-igerilekuetan, txikigunean eta gamer gunea.

Europar Batasunak babestutako ekimenak

Bilbon antolatutako Ikertzaileen Europako Gaua  G9 unibertsitate  taldearen G9-SCIENCE4ALL proiektuaren barruan sartzen da. Barakaldokoa, Tecnalia, EHU, Euskampus Fundazioa eta  BCAMen  ORE4citizens  egitasmoaren parte da.

Europako Batzordeak bi ekimen horiek finantzatzen ditu Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) Ekintzen eta Horizonte Europa programaren barruan. Horizonte Europa programaren barruan dauden(EBko Ikerketako eta Berrikuntzako Esparru Programa) ekimen hauen helburua da Europan karrera zientifikoak sustatzea.

Ikertzaileen Europako Gaua 25 herrialdetako 460 hiritan baino gehiagotan ospatzen da aldi berean, eta zientziaren dibulgaziorako plataforma global gisa finkatu da.

Informazio gehiago : https://www.ikertzaileengaua-ehu.org/ eta https://oregaua.org/